Scroll Top

Aurkezpena

Bilbao Sinfonietta:
Abangoardiako erresonantziak

BilbaoSinfonietta orkestra balioaniztun eta moldakor bat da. Gai da musika klasiko-garaikidea hainbat testuingurutan interpretatzeko, asmo argi batekin: gaur egungo kulturaren bihotzera heltzea bertsio koherente eta ausartekin. BilbaoSinfoniettaren musika-espektroak operaren eta musika sinfonikoaren errepertorio zabala hartzen du, diziplina anitz esploratzen ditu eta sinergiak eratzen ditu antzerkiarekin, dantzarekin eta bideo-sorkuntzarekin. Sortu zenetik, Iker Sánchez Silva izan da orkestraren zuzendari artistiko eta musikala, baina beste batuta batzuek ere zuzendu dute; izan ere, Rainer Hersch, Carlos Noain, Oliver Díaz eta Daniel Oren ere aritu dira orkestrarekin elkarlanean.

BilbaoSinfoniettak sei urteko ibilbidea du, eta maiz jantzi da luzez, hainbat lan eszeniko interpretatzeko. Arriaga Antzokiaren ekoizpenetan parte hartu izan du; adibidez, Fallaren Amodio sorgina (2019) eta Kurt Weillen Zazpi bekatu kapitalak (2021) obretan. Eta baita zenbait proiektu dramatikotan ere: I. Stravinskyren Soldaduaren istorioa (Euskalduna Jauregia eta Castellóko Batzar Jauregia, 2018) eta A. Schönbergen Pierrot Lunaire (Bilboko BBVA Fundazioa, 2019) lanetan, esate baterako.

Iazko denboraldian, ABAOrekin elkarlanean aritu ginen, lehen aldiz, ABAO ON-STAGE GALA LIRIKOAN, Euskalduna Entzunaretoan, artista bikain batzuekin batera; eta baita Bilboko Koral Elkartearekin ere, Musika-Música Jaialdiaren amaiera-ekitaldian, Mozarten Requiema interpretatuz. Orkestrak dantza-proiektuetan ere parte hartu du, Lucía Lacarra eta Matthew Goldingekin (Bilboko Arriaga Antzokia, 2020), Iratxe Ansa eta Igor Bacovichen Metamorphosis Dancerekin (Bilboko Arriaga Antzokia, 2021) eta Circle of Trust konpainia zaragozarrarekin (Bilboko Euskalduna Jauregia, 2018).

Bere askotariko ibilbidean, BilbaoSinfoniettak lotura estua izan du konpositore gazteekin, eta haien lana erakutsi du nazioarteko hainbat jaialditan. Gainera, gaur egungo musikarekin engaiatuta dagoenez, ganbera-operako ziklo txiki bat sortu du, “sakelako opera” izenekoa, eta denboraldi honetan bi estreinatu ditu euskaraz: Arrosa xuriaren artean (Francisco Domínguez) eta Bigarren sexua (Asier López Iraola). Azken hori taldearen bigarren grabaketa izango da. Izan ere, IBS Classical etxearekin egindako lehena, Falla 1915, duela gutxi estreinatu dugu Bilboko Elkarte Filarmonikoan.

BilbaoSinfoniettak ahots garrantzitsuekin parte hartu du; besteak beste, hauekin: Nicola Beller Carbone, Ángeles Blancas, Carmen Solís, Celso Albelo, Sergio Escobar, Juan Jesús Rodríguez, Simón Orfila, María Toledo, Ausrine Stundyte, Vanessa Goikoetxea, Jone Martínez, David Alegret, Maite Maruri, Chris Robertson eta Naroa Intxausti. Eta baita eszena-zuzendari ezagunekin ere; Calixto Bieito, Mikel Gómez de Segura eta Barbora Horakovarekin, adibidez.

Laster beste jaialdi batzuetan parte hartuko dugu. Donostiako Musika Hamabostaldian, adibidez, Schönbergen Pierrot Lunaire interpretatuko dugu berriz, Gabriel Erkorekaren musikarekin, eta azken Musika Sari Nazionalaren obra berri bat estreinatuko dugu. Horrez gain, Gasteizko Bernaola Jaialdian ere arituko gara: Francisco Domínguezen Arrosa xuriaren artean sakelako opera interpretatuko dugu, Jone Martínez sopranoarekin. Gainera, gure talde instrumentalak konpositore gazteen lehiaketa nazionaleko finalisten lanak joko ditu, Madrilgo Reina Sofía Museoko entzunaretoan. Azkenik, 2022. urtearen amaieran eta 2023.aren hasieran, bira gogoangarri bat egingo dugu Haendelen Mesias obrarekin, Carlos Mena eta Jone Martínez buru izango dituen talde bikain batekin.

Zuzendari artistikoa

Iker Sánchez Silva

BilbaoSinfonietta orkestraren zuzendari artistikoa eta Opus Lírica konpainiaren zuzendari musikala da, eta orkestra entzutetsuak zuzendu ditu, adibidez: Kataluniakoa, Bilbokoa, Euskadikoa, Asturiasko Printzerrikoa, Tenerifekoa, Oportokoa, Iruñekoa, Montenegrokoa, Berlingo Humboldt Unibertsitatekoa eta Bayonne-Côte Basque, Berlingo Concentus Alius eta Oviedo Filarmonía orkestrak.

Instrumentista gisa Donostian, Bordelen eta Munichen trebatu zen. Zuzendaritza-eskolak hartu zituen Peter Eötvos, Szolt Nagy, Jesús López Cobos eta Arturo Tamayo maisuekin, eta, aldi berean, orkestra-zuzendaritzako profesional handien laguntzaile izan zen: Raymond Leppard, Rafael Frühbeck de Burgos, Juanjo Mena, Vasily Petrenko, Pablo González eta Michael Jurowskyrena, adibidez, Boston Symphony, Los Angeles Philharmonic, Orchestre Philharmonique de Luxembourg eta Royal Liverpool Philharmonic Orchestra orkestretan.

Musika eszenikoari dagokionez, honako obra hauek zuzendu ditu, besteak beste: Mozarten Die Zauberflöteeta Don Giovanni, Donizettiren L’elisir D ‘Amore, Guridiren Baserria, Fallaren Amodio sorgina, Kurt Weillen Zazpi bekatu kapitalak, N. Rotaren Urtxintxa bizkorra. Gainera, duela gutxi bi opera estreinatu ditu euskaraz: Asier López Iraolaren Bigarren sexua eta Fran Domínguezen Arrosa xuriaren artean.

Beste proiektu batzuk ere baditu esku artean. Izan ere, grabaketak egingo ditu Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Sinkro Ensemble eta BilbaoSinfonietta orkestrekin. Gainera, honako obra hauen zuzendari musikal izango da: Leoncavalloren Pagliacci, Purcellen Dido eta Eneas eta Schönbergen Pierrot Lunaire. Eta, horrez gain, Jose María Sanchez Verdúren opera berri bat estreinatuko du.

Informazio gehiago ikersanchez.com

Konpositore egoiliarra

Francisco Domínguez

Francisco Domínguez Alcolea de Calatravan jaio zen, 1993an. Musikenen ikasi zuen konposizioa, Gabriel Erkorekarekin, eta ikasketak ohorezko aipamenarekin amaitu zituen. Gainera, espezialitate horretako masterra egin zuen Austriako Kunst Universität Graz unibertsitatean, Beat Furrer eta Klaus Langekin, eta ikasketa horiek ere ohorezko aipamenarekin bukatu zituen. Horrez gain, honako hauen eskolak eta saio magistralak jaso ditu: Helmut Lachenmann, Ramon Lazkano, Héctor Parra, Alberto Posadas eta Rebecca Saunders, besteak beste.

Nazioarteko sari entzutetsu ugari jaso ditu, Pablo Sorozabal lehiaketako lehen saria (XV. edizioan), Francisco Escudero lehiaketako bi lehen sari (VII. eta IX. edizioetan) eta Toru Takemitsu Konposizio Lehiaketako hirugarren saria (2020). Horrez gain, ohorezko aipamenak jaso ditu Franz Schubert lehiaketan (X. edizioan) eta SGAE Fundazioaren Konpositore Gazteentzako Konposizio Lehiaketan (XXVI. edizioan).

2016an Peter Eötvös Fundazioaren Akademian parte hartu zuen, Peter Eötvös beraren eta Toshio Hosokawaren eskolak hartuz, eta, urte hartan bertan, Gargonza Arts egoitza artistikoan (Alemania-Italia) 2018an parte hartzeko aukeratu zuen Peter Eötvösek. Gainera, 2021ean, Peter Eötvös Fundazioko Mentoretza Programan parte hartzeko aukeratu zuten.

Bere musika jaialdi entzutetsuetan interpretatu dute; BBVA eta Juan March fundazioen jaialdietan eta IMPULSen, adibidez. Gainera, maila handiko interprete eta orkestrekin lan egin du; besteak beste, hauekin: Iñaki Alberdi, Michael Faust, Henri Bok, L’Instant Donné, THReNSeMBLe, Schallfeld Ensemble, Tokioko Orkestra Filarmonikoa, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Halaber, biolako goi-gradua ikasi zuen Musikenen, David Quigglerekin eta Natasha Twitchekin.

Informazio gehiago franciscodominguez.info