Aurkezpena

Bilbao Sinfonietta: ABANGOARDIAKO ERRESONANTZIAK

Izaera urduriak eta diziplina anitzaren alde konplexurik gabe egindako apustuak BilbaoSinfonietta ezohiko potentziala duen proiektu bihurtzen dute

BilbaoSinfonietta talde instrumental bat da, balioaniztuna eta malgua, eta errepertorio berezi zabala hartzeko gai dena. Ibilbide luze eta ezaguneko musikari zailduz osatuta dago. Duela hiru urte sortu zen taldea, jatorri desberdineko bi musikariren amets gisa: Iker Sánchez orkestra-zuzendaria eta Javier Roldán klarinete-jotzailea. Biek nahi bera zuten: talde sendo bat abian jartzea XX. eta XXI. mendeetako lan handien interpretazioari eta egungo konpositoreen zabalkundeari ekiteko. Helburua: gure inguruko kultura-sarea aberastea, bertsio koherente eta ausarten bidez sorkuntza-leihoak zabalduz, eta, aldi berean, eskeintzen dugun talentu musikala gure mugetatik kanpo zabaltzea. BilbaoSinfoniettako kideok talde sendoa eta kalitatezkoa osatu nahi dugu gure ustez potentzial handia duen kultura-esparru baten barruan.

Gure ingurunea eta haren kultura-arloa eraldatze etengabean ari den sormen-eremu gisa ulertzen dugu, non publikoak bat egiten baitu jaialdi eta zikloetan sortzen diren proposamen dibergente eta garaikideekin. Han eragin nahi dugu, eta erakutsi gure inguruneari lotutako artistekin proiektu erakargarriak sor ditzakegula bikaintasun musikala alde batera utzi gabe. BilbaoSinfoniettak eskaintzen dituen proposamenek moldakortasuna eta beste arte-diziplina batzuekin ideiak partekatu eta batzeko interesa islatzen dute, bereak gauzatzeaz eta beste jaialdi eta antzoki batzuekin batera proiektuak koprodukzioan aurrera eramateaz gainera.