Francisco Domínguez: “Arrosa Xuriaren Artean”
Xornadas de Música Contemporánea 2023
Arrosa xuriaren artean “sakelako opera” bat da, Francisco Domínguezek (Alcolea de Calatrava, 1993) idatzia eta abeslari bakar batek eta instrumentista talde txiki batek interpretatua. Obrak ez du egitura lineala, eta Euskal Herriko hainbat istorio tradizional biltzen ditu, Jabier Kalzakortak (1961) Euskal Baladak antologian balada moduan jasotako batzuk, hain zuzen ere.
Obraren izenburua balada horietako batetik dator. Istorioek emakumea dute argumentuaren ardatz, eta argumentu hori hainbat pertsonaiaren bitartez lantzen da.
Arrosa xuriaren artean obran Erdi Aroko emakumeen bi ikuspegi oso desberdin alderatzen dira. Lehenak mendeko emakumeak erakusten dizkigu, gizonen aginpideak azpiratuak; emakume horiek, maiz, zoritxarreko amaierak izaten zituzten. Bigarrenak emakumeen ugaltzeko gaitasuna eta giza bertuteak nabarmentzen ditu, emakumeak jainkotiar bihurtzeraino. Bi ikuspegiak anakronikoak diren arren, jatorrizko testuek balio literario eta historiko handia dute. Izan ere, literatura-lekuko gutxi zeuden garai bateko euskarazko literaturaren adierazgarri nabarmenak dira.
Lan honetan, protagonistak emakume-konstelazio zabal bat hezurmamitzen du, eta haren barne-bakarrizketan antzematen dira bi ikuspegiak.
Konpositorea
Francisco Domínguez
Zuzendaria
Iker Sánchez Silva
Sopranoa
Jone Martínez
BilbaoSinfonietta
Javier Roldán Klarinetea
María Zubimendi Akordeoi mikrotonala
Belén Fernández Biolontxeloa